buscar
castellano
  Berri
comparte por correo electrónico

Archivado en:
2. Ahoa gozatzen hasteko zenbait ideia
Miércoles, 31 de Julio de 2013
<< Volver
2.	Ahoa gozatzen hasteko zenbait ideia
Mahai bete gai esku artean dugula hasiko dugu iraila. Gehienak ez dira berriak,baina udalak horiei aurre egiteko daukan atzerapenak gero eta larriago bihurtzen ditu. Besteak beste, hainbatetan aipatu den etxebizitzaren arazoa. Batzorde Mistoan, PAH-rekin  (Hipotekek Eragindakoen Plataforma) elkarlanean ari gara, udal etxebizitzen araudi berria egiteko eta beharrean dauden pertsonen eta familien esku jartzeko udalaren ondare higiezina.

Udalak herritarren arreta hobetzeko lantzen ari garen neurrietako bat da aipaturikoa, baina ez bakarra. Gizarte Zerbitzuen Finantziaziorako Foru Agindua bete dadin ere saiatuko gara, horrela, langileria, programa eta jarduerei dagokienez, gutxieneko batzuk ziurtatu ahal izateko arlo honetan; auzoetako talde dinamizatzaileen lana erraztearen alde eginen dugu, funtsezko zerbitzua eskaintzen dute eta. Eta Haur-Eskolen, udalaren zein azpikontratatuen, auziari ere helduko diogu.

Eta uste dugu udalak asko egin dezakeela enpleguaren kontuan. Arlo honetan egiten dugun eguneroko lanaz gain, herritarrentzako jarduera ekonomikorako aukerak sor ditzaketen proposamenak prestatzen ari gara, adibidez, hiri baratzak sortzea, zenbait gune bereziren lagatzea, autobus geltoki zaharra, esate baterako, edota hiri honetan dugun besta pila kontuan izanda, horiek errentagarri egiteko moduko espazioak, udalak herritar taldeen esku uztea.

Udalak sentsibilitate handirik agertu ez dien ondoko bi arlo hauetan, ingurumenean eta mugikortasunean, alegia, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilpena lehenetsiko duten mugikortasun jasangarriko ekintzak gauzatu nahi ditugu, aparkatze mugatuko eremuen beharra berrikusi, zuhaitzak babesteko araudia sortu, konpostaje komunitariorako ekimenak erraztu, eta hiriko zenbait tokitan, autokarabanentzako aparkaleku arautuak lortu.

Ekonomiari dagokionez, ezinbestekoa da hiriak duen zorra aztertzea, azken bi urteotan era esponentzialean areagotu baita berau. Eta bada garaia, behingoz, udalaren funtzionamenduaren ikuskapena egiteko. Udalbatzaren araudia bukatu beharra dago. Joan den bilera-aldiaren amaierako ur nahasien ondotik, agiri hau, berriz ere, tiraderan jasota gelditu da. Eta diru-laguntza izendunak ere arautu behar ditugu behingoz. Ez da bidezkoa udal honek eskaintzen dituen finantziazio bide urriak horrelako era arbitrario eta ilunean banatzea.

Ikusten duzuen gisa, hauek gure ibilbidea hasteko ideia batzuk besterik ez dira. Nolanahi ere, bilera-aldi honetan zehar, ziur gertaerek lan eremu berriak ekarriko dizkigutela eta beti bezala eginen diegu aurre: borondaterik onenaz eta honako irizpide honen baitan, udalak herritar guztien interesen zerbitzuan ari behar duela. Lehenago esan dizuegun bezala, zuen laguntza izatea espero dugu jardun zerrenda hau handitzeko.



arriba
iu batzarre los verdes plataforma navarra por el cambio
CREATIVE COMMONS · Web realizada con código abierto y publicada con software libre (GNU/GPL)
recortes no