Iruñerriko herri batzuetan abian jarri dira zenbait egitasmo, hondakin organikoen arazoari Materia Organiko Biodegradagarriaren (MOB) konpostajearen bidez aurre egiteko. Iruñeko bizilagun batzuk saiatu dira haien auzoetan konpostaje komunitarioa bultzatzen eta trabak besterik ez dute jaso udalaren aldetik. Horien alternatiba? Bosgarren edukiontzi ospetsua, eraginkortasunik gabeko birziklatze sistema, haren errendimendua bertan utzitako materiaren %25etik gorakoa ez baita inoiz izaten. Gobernatzen gaituztenak berenarekin ateratzen badira, hemendik urte batzuetara, horixe izanen du hiriak hondakin organikoentzako alternatiba ekologiko bakarra.
Egun bizi dugun baliabideen etengabeko agortzearen aurrean, ezinbestekoa eta presazkoa da planteatzea zer egin behar dugun sortzen dugun hondakin pila itzelarekin, eta horietako asko nola eralda ditzakegun beste baliabide batzuk lortzeko.